martes, 12 de marzo de 2013

Radiografia: Maider Unda, brontzezko artzaina


Gasteizen jaio zen eta entrenatzen du, baina Aramaion bizi da, izan ere, Idiazabal jatorrizko gazta ekoizten du bere egunerokotasunean. Hau dela eta hainbatetan ikusten zaio merkatu herrikoi ezberdinetan bere gazta saltzen. Baina Maider ez da artzaina izateagatik famatua, borrokalaria izateagatik baizik.

9 urterekin borrokan hasi zen, eta momentu horretatik bakarrik gora egin du. 2000. urtetik orain arte 2011koa ez ezik Espainiako txapelketa guztiak irabazi ditu, eta gutxika-gutxika eremu internazionalean bere lekutxoa egin zuen. 2001eko Mediterraneo Jokoetan lortu zuen bere lehen domina internazionala eta 2006ko Austriako sari nagusian, bere lehen urrea. 

2008an bere ametsetako bat lortu zuen: Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea. Eta ez zuen batere gaizki egin, izan ere 5. sailkatu eta diploma olinpikoa ekarri zuen Euskal Herrira. 2011n meniskoa, lotailu gurutzatua eta alboko barnekoa hautsi zituen. Honek ia urte osoan borrokatu gabe utzi zuen, baina ez zen oztopo izan 2012ko Londoneko Joko Olinpikoetara sailkatzeko, non brontzezko domina lortu zuen.

COIren erabakia
COIk 2020an borroka kirol olinpikoen zerrendatik aterako zela esan zuenean, kirol honen jarraitzaile guztien alarmak piztu ziren. Maiderren ustetan Joko Olinpikoetan ez egotea urtean zehar nabaritasunik ez duen kirol honen desagerpena suposatuko du, eta honek, oso triste jartzen duela adierazi du behin baino gehiagotan.

Baina Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan borroka presente egongo da, eta printzipioz "Iron" Maider han egongo da, ama izateko “proiektua” atzeratuz. Badaki borroka Joko Olinpiko batzuetan egongo den azken aldia izango dela, eta ez du aukera hau atzean utzi nahi. Espero dugu Maider Unda borrokaren azken urre olinpikoa lortzea 3 urte barru.

Oier Bravo

No hay comentarios:

Publicar un comentario